XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ziburuko andere ederra Pierre MAC ORLAN.

Joana Hortilopitz eta Maria Azpilikueta bere bi lagunekin ostiraletik larunbaterako gau guzia beilan egon ondoan, goiz azkorrian, Abadiako Janetak, Lapurdiko Ziburu herrikoak, Akerraren larrea deitzen zuten larretik joaiten den bideari lotu zen, herritik aski urrun bizi ziren bere gurasoen etxera joateko.

Hiru neskatxak, akidura gatik begiak erdi hetsirik, hinki hanka kurritzen, bideko orga hatzetan behaztopatzen zirela.

Zaharrenak, hamasei urte baizik etzituenak, Joana Hortilopitz zuen izena, gazteenak Abadiako Janetak bederatzi.

Deabru Monsiñorak, zion Janetak, gure elizako imaietan denak, bere adiskideak hemen ditu errezebitzen.

- Atxikan hire mihia, neska ttikia, zion Joana Hortilopitzek boz samin batez.

Zeina hadi, edo hire amari erranen dinat .

Norbait gordetzen delarik eta besteak xerkatzen duelarik jokoetan senditzen zuen beldur irringarriak bete pinturekin bere gogoeta osatzen zuela, Janeta, mutur egin eta, bideari jarraiki zen.

Elizan pasatu otoitz gau hortan euria jauts ahala ari izana zen.

Zerua galernak inarrosi eta, proosione baten pasaian erramu batzuek bezala, abar hautsiek bidea trabatzen zuten.

Bizkitartean, zeruak bere itxura beltza zaukan; hodei beltzak iheska zoatzin, arima batzuen eran, nexkatokoaren sendimena hunkitzen zuen Ifernura.

Haizea intzirika eta dolamenaka ari zen, gau beiletako emazte ixtorio kondalarien moduan.

Joana Hortilopitz eta Maria Azpilikueta haia haia zoatzin zeren eta, orduan, soin buruetan beldurra sartua baizitzaien.

Larre ixila, apaindura guzietarik biluzia ageri, itsasoaren misterioa baino beldurgarriagoa.

Janetak, nekez jarraikitzen zenak, eskalapoinak eskuan harturik, lagunen gibeletik ttaka ttaka ibiltzen zen.

Trenpu txarrean, nigar hipaka ari, bapatean itzuli eta, harriturik gelditu zen, begiak zabal zabalik, erhi bat aho gainean.

Bere gibelean, hamar urratsetan ez ere, emazte bat geldi geldia eta irriño batekin; haurrak, Ziburun noizbehinka ikusia zuelakoan, emazte hori ezagutzen.

Haundia eta ile gorria, arrotz bat bezala.

Normandiakoa zela zioten bainan Bordelen bizi zen jateko onak zituen egoitza miresgarri batean.

Aldi batzu urtean Ziburura zetorren, pesta buruetara, itxura xumeko etxeño batetara.

Ahuntz esnez eta fruituz hazten zen, itsas lamin boz batekin kantari eta mesfidatzen ziren herritarrekin beti lañoki ari.

Hargatik, bizpahiru emazteki gazte etxera agertzen zitzaizkion; xingola batzu, girgileria zerbait eta lepoetan estekatzen zituzten oihal eder broxatuak emaiten zizkien.